XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

34 Julia Jason Andelius

ARRATSALDE hartan, Lindroth neska-mutikoekin joan zen Selandertarren landetxera.

Ez zen sekula lehenago han izan, eta uste zuen interesgarria gertatuko zitzaiola han zehar ibiltzea eta guztia ikusmiratzea: estatua atxikita egon zen eskaileraren zutabea, lehen aztarna eman zien selandria.

Emiliek inguruan izandako giroa ezagutu nahi zuen: David, Jonas eta Annikak uda osoa emandako eta hainbeste emozio elkarrekin hartutako lekua.

Bai, eskutitz-bildumaren ingurunea ezagutu nahi zuen.

Bazekien ez zituztela sekula erabat ulertuko Andreas, Emilie eta Magdalena, baina haiengana hurbildu nahi zuen ahal zuen guztian, eskutitzekin zer egin erabaki baino lehenago.

- Hau emozioa! esan zuen selandriaren aurrean jarri eta zenbaezineko lore urdinen lurrina hartu zuenean.

- Selandria egipziarra!

- Elizan prestatzen ari garen abestiko lore urdina.

- David..., gogoratzen nola etorri zitzaizkigun hitzak ezpainetara: Entzun, entzun, lore urdin...?

Lindrothek dena ikusi eta bizi nahi zuen.

Gelditu eta zutikako erlojuari erreparatu zion.

Haren tik-tak hotsa entzun, eta erritmikoki zebilela egiaztatu zuen.

Emilieren gelara igo, eta estatua egondako jarlekua ikusi zuen.

Jonasek zoruko ohola altxatu, eta gutunak aurkitutako gordelekua erakutsi zion.

- Gutunen ingurukoa ardura itzela da guretzat esan zuen Annikak oso serio.

- Buruz dakit Emiliek azken gutunean esandakoa: Hala ez balitz, eskutitzok nirea bezain garai ero eta hutsalean agertuko balira, orduan zera eskatzen diot kutxa aurkitu duenari: bere lekuan utzi dezala berriz kutxatxoa.

Kanpoan, iluntzen ari zuen.

Emilieren leihoaren bestaldean urdin argi-argiko zeru distiragarria ikusten zen.

Ilgora zegoen.

Lindrothek, leiho aldera inguratuta, kanpora begiratu zuen.

- ...nirea bezain garai ero eta hutsalean errepikatu, eta hasperen egin zuen.

- Hitz horiek gaur ere idatz zitezkeen, Annika.

- Horixe bera uste dut nik erantzun zuen Annikak.